Euskararen erabilera sustatzea, gazteen sormena bultzatzearekin batera, Gazte Sortzaileak ekimenaren zutabeetako bat da oraindik ere. Edizio berri batean, Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek (Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuaren laguntzarekin) euskarazko kulturaren sorkuntza sustatu dute berriro. Deialdi honen helburuak, berriz ere, honako hauek izan dira: gazteen artean euskarazko sormen-jarduerak bultzatzea; gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez euskarazko kultura-programazioan eragitea; eta sormen-kezkak garatzeko aukera-guneak izatea.

2023ko edizioari dagokionez, Aitziber Jiménez de Aberasturik hil honetan kaleratu du Ogi beltza eguneroko bizitzari buruzko podcasta. Bestalde, Mitxel Elortzak Aneren abenturak mahai-jokoa erakutsiko du maiatzaren 15etik aurrera kalean; Marta Berganzok Gure Kutxa antzezlana estreinatuko du ekainaren 29an Salburua gizarte-etxean; eta Nefer Olaizolak performance bat aurkeztuko du irailaren 15ean Labe Gazte Laborategian.

Ideia sortzaile irabazleetako bat Mitxel Elortzarena da, txikientzako mahai-joko bat sortu baitu. Erreportaje honetan azaldu duenez, proiektuaren helburua haurrek aisialdian euskaraz gozatzea eta euskara hezkuntza ez formalean ere lantzea da. “Jokoa argitaratzen denean zenbait eskola eta gizarte etxetan mahai jokoa azaltzeko eta jolasteko tailer batzuk dinamizatuko ditut. Ondoren, aleak eskola eta gizarte etxeetan banatuko ditut”, azpimarratu du. Izan ere, bere ustez, gaur egun aisialdian euskara lantzea “ezinbestekoa” da haurrek euskararekiko atxikimendua izan dezaten. “Horregatik otu zitzaidan joko baten bidez euskaraz gozatzea garrantzitsua izan zitekeela”, aitortu du. Hala, Aneren abenturak mahai joko bat da. “Anek Euskal Herrian barrena egingo duen bidaian laguntzera animatzen ditugu jokalariak. Lauki bakoitzaren kolorearen arabera askotariko gaiak landuko dira: urdina: geografia eta historia; gorria: herri kirolak, kirolak eta euskara; berdea: natura; laranja: marraztu eta asmatu!; horia: mimika; marroia: minutu bateko probak! eta morea: euskal emakumeak”, azaldu du. 

Mitxel Elortza Pilar Barco

Proiektuaren zailtasunei dagokionez, Elortzak azaldu du Zailtasunik handiena jokoa haurrentzako erakargarria izateko formatu egokia eta bisualki deigarria izatea izan da.

Nefer Olaizolak emakumearen sortzeko gaitasuna eta naturaren sortzeko gaitasuna uztartu nahi dituen obra hibridoa da

Marta Berganzoren kasuan, bere proiektua komediazko antzezlan bat da, bi aktore dituena. “Bi aktore horien artean, haietako bat ni izango naiz. Aktore moduan lan egin nahi nuen eta betidanik idatzi dut, nahiz eta inori ez erakutsi idazten nuena. Helburu nagusia aktore moduan lan egitea zen”, kontatzen du. Hala, proiektua Ainhoa Ordoñez-en laguntzarekin gauzatuko da. Proiektu honen tutorea izan da eta Martak behar izan duen guztietan bere laguntza izan du, kontatzen duenez.

Mitxel Elortza txikientzako mahai-joko bat sortu du ; proiektuaren helburua haurrek aisialdian euskaraz gozatzea da

“Lehen esan dudan moduan, bi aktore izango gara. Laura Meabe izango da beste aktorea. Hiruron artean errealitate bihurtuko dugu asmatutako istorio hau”. Proiektu honen zailtasun handienari dagokionez, gazteak azaldu duenez, “nahiz eta betidanik idatzi, nire kabuz hezitu behar izan naiz antzezlan bat idazteko”. 

Marta Berganzo

Marta Berganzo Utzitakoa

Hala, Marta Berganzok esan du zoriontsu sentitzen dela aktore izan nahi duelako, eta, aldi berean, berak kudeatzen eta koordinatzen du proiektu guztia, eta euskaraz egin ahal izango duelako. Izan ere, horrelako proiektuek mesede egiten diote euskararen erabilerari: “Eta ez bakarrik euskarari. Sortzailea izatea ez da erraza, ia guztia daukagu gure kontran hasten garenean. Honelako proiektuek gazteoi mesede izugarria egiten digute, gure ideiak baliozkoak direla sinisten laguntzen digute. Nik gutxienez, buruan daukadan pepito grillo-a, ez duzu balio esaten didana, isiltzea lortu dut”. 

Beste proiektu batzuk

Hirugarren proiektu irabazlea Aitziber Jimenez de Aberasturirena izan da; Halabedi irratiko irratsaio bat da non aktualitateko gaiak ekartzen dituzten. “Elkarrizketa zein monologoetan mamia ateratzen diogu orainaldi beltzari, nahiko estilo informalean”; kontatu du. Itxaso eta Aitziberrek aurkezten dute saioa eta “hirugarren lagun batek laguntzen gaitu teknikan”.

Halabedi irratiko irratsaio bat da Aitziber Jimenez de Aberasturiren proiektua Utzitakoa

“Helburua gure desadostasun zein kezkak ekarri eta galdera deserosoei toki ematea da. Herriko eragileekin batu, ahotsa jarri eta ertzeetan egon daitezken hausnarketei espazioa irekitzeko erabiltzen ditugu irratiko uhinak. Prekariotasunak itotzen gaituela kontziente gara, indibidualizazio, azelerazio eta homogeneizazio olatu baten parte balitz bezala. Gainera, pandemia global baten arrastoetan bizi gara, kolonialismoaren forma onartu berrietan, gerra nuklear potentzialen mehatxupean edo faxismoaren erabakien menpekotasunean. Horrek kezkatzen gaitu, eta presente dauden gaiak dira gure eguneroko elkarrizketetan. Ofentsiba hori, gainera, azken hamarkadetan zentzua galdu duten kontzeptuei lotuta datorrela uste dugu: geroa, askatasuna, komunitatea, erresistentzia, publiko-komunitarioa eta garapena besteak beste. Esan dezakegu, beraz, mikro aurrean jartzeko iniziatiba eta irratsaio bat hastearen ideia, hori guztiaren ondorioz sortu den erreakzio bat dela; modernitatetik gizarteak izan dituen sinismen oparoen birrintzearen ondorioz eta opari papera besterik ez daukaten promesa hutsalen ondorioz sortu den erreakzio bat alegia”, azpimarratu du.

Marta Berganzoren kasuan, bere proiektua komediazko antzezlan bat da, bi aktore dituena, “horien artean, haietako bat ni izango naiz”

“Euskaraz ertzeetako galderei eustea birrasmatzeko beste modu bat da eta ertzeetatik eutsi behar diogu hizkuntzaren auziari ere bai. Biziberritzearen fase bat amaitu zen aspaldi, muga argiak erakutsi ditu. Auzi soziala da euskera eta hor kokatzen asmatu behar dugu gaur egun”, ondorioztatu du. 

Nefer Olaizolak obra hibrido baten proiektua garatu du beka honetarako. Jorge Muñoz

Azkenik, Nefer Olaizolak ere irabazi du Gazte Sortzailearen beka. Bere proiektua emakumearen sortzeko gaitasuna eta naturaren sortzeko gaitasuna uztartu nahi dituen obra hibridoa da (literatura, arte sonoroa eta bideoartearen bidez). “Naturak, emakumeak bezala sortzeko gaitasuna du, eta emankortasun hori euskal sorkuntzarekin sinbolikoki eta poetikoki lotu nahi nuen. Hori dela eta, instalazio formatuan planteatua dago, hau da, espazio murgiltzaile bat eratuko da non hitzak, musikak eta bisualek giro berezi bat eskainiko duten beste hainbat elementurekin batera. Instalazioa LABE-n egongo da ikusgai hilabete batez, baina erakusketaz aparte, aipatu nahiko nuke inaugurazio egunean formatua performance-arena izango dela, zuzeneko ekitaldi batekin”, azaldu du.

Aitziber Jimenez de Aberasturik Halabedi irratiko irratsaio bat egingo du proiektu honen bekari esker

Helburuari dagokionez, Nererrek aitortu du bere obra guztiak emakume sortzaileari buruzko gogoetak izaten direla, modu batean ala bestean. “Hortaz, agian, helbururik interesgarriena, emakume artistek euskal kulturari egiten dioten ekarpena nabarmentzea litzateke. Proiektuaren ideia bera honetan oinarritzen baita: emakumeak eta naturak duten indar sortzaile berritzailean. Bigarren helburua, helburu sakon eta intimo bat litzateke, hortik abiatzen baita obraren funtsa: nortasuna bilatzea eta sormenezko askapena, oso forma berezian. Edertasunera jo nahi dut, baita esperimentaziora ere”. “Aipatu dudan bezala, obra hibridoa izango da, eta kontzeptu hau agian arraro egiten zaigu entzuteko, zaila izaten da hau imajinatzea, baina kontua da, besterik gabe, nire intentzioa, esperientzia artistiko bat eskaintzea dela. Espazio emozional zein narratibo bat sortu nahi dut hiru formaturen bitartez: testua-liburuxka (hau jendeari banatuko zaio), musika-arte sonoroa (soinua) eta bisualak (bideoak, proiekzioak, atrezzoa, argiak…). Modu honetan, istorio bat kontatuko zaio ikus-entzuleari elementu hauek guztien laguntzaz espazio itxi batean... Izugarri gozatu dut espazioa nire buruan eraikitzen. Natura leku itxi batera ekarri nahi nuen eta bere kabuz hitz egiten duen eszenatoki bat eraiki elementu anitz erabiliz”, ondorioztatu du.