Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) elikagaien industriarako nazioarteko bi azoka garrantzitsuenetakoak egingo dia aste honetan, Gourmets Madrilen eta Seafood Expo Global Bartzelonan, eta elikagaien eta edarien 30 bat euskal enpresa ekoizlek hartuko dute parte bietan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Hazi Fundazioaren bidez antolatutako 'Euskadi Basque Country' standaren barruan.

Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, beren produktuak saltzeko enpresei merkatu berriak topatzen laguntzeko onartutako 2024ko Sustapen Planean jasotako dagoen nekazaritzako elikagaien industria nazioartekotzeko eta bultzatzeko estrategiari lotuta dago parte hartzea.

Horrela, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak eta Raul Perez Iratxeta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak astelehenetik Gourmets azokaren 37. edizioan parte hartzen ari diren euskal enpresak bisitatu dituzte astearte honetan.

Banaketako, ostalaritzako eta sukaldaritzako 2.000 erakusketari baino gehiago eta 100.000 bisitari profesional inguru bildu dira Madrilgo azokan. EAEko 22 enpresa ari dira beren produktuak erakusten 'Euskadi Basque Country' standaren barruan, eta beste hamar markak modu indibidualean hartzen dute parte.

Gourmets aretoa da kalitatezko elikagaien eta edarien Europako azoka nagusia eta mundu osoan ospe handiena duen erreferenteetako bat. Gama altuko joerak erakusteaz gain, gastronomia arloko nazioarteko profesionalak topatzeko aukera dago.

Aurtengo edizioko sektore nagusia ardoena izango da, erakusketa eremuaren %33 inguru betez; hurrengoa kontserbena izango da, %17rekin, eta beste edari batzuek eta gozoen eta gozogintzaren sektoreak Gourmets aretoko 65.000 metro koadroko azaleraren %15 beteko dute.

SEAFOOD

Bestalde, Bartzelonako Seafood Expo Global azokaren 30. edizioa hasi da astearte honetan. Mundu mailan Europako arrantza eta eraldaketa industriako azoka garrantzitsuena da eta arraina merkaturatzen duten sektoreei zuzenduta dago. Aurreikuspenen arabera, 34.000 bisita baino gehiago jasoko ditu.

Bartzelonako azokan ere taldeko partaidetza izango du EAEk 'Euskadi Basque Country' standaren bidez. Hala, itsasoko produktuen eta kontserben zortzi euskal enpresa bilduko dira bertan. Gainera, beste hamar enpresa joango dira berritasunak stand propioen bidez erakustera. Guztiek jasoko dute asteazkenean Orozen eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkueren bisita.